Historia

Ikastolaren historia

1965 - Sorrera
Zenbait guraso eta lagun euskaltzalek euskara eta euskal kultura berreskuratu eta zabalduko zuen ikastola berri bat sortzeko asmo sendoa zuten.Hamaika ikasleko talde bat osatu zuten eta Areetako etxebizitza bateko gela batean hasi ziren andereño batekin. Erronka ez zen makala: euskara irakastearekin batera (ingurunea ere erdalduna da), irakaskuntza bera euskaraz egitea posible dela frogatzea. Gainera, baliabide ia guztiak erdara hutsean zeuden. Etxebizitzaz etxebizitza zebiltzan eta ikastolaren berri zabalduz zihoan. Erantzuna handia izan zenez, Erromoko Elizako sotoetara joan behar izan zuten.
 
1968 - Txaleta
Geroago Gobela kaleko 16-18an zegoen txalet bat alokatu, egokitu eta txukundu zuten, eta 1968an, asko kostata, Legeztapena lortu zuten. 1971n, Hezkuntza Erreforma etorri zen, alegia, OHO sistema.Txaletean ez zegoen eskatzen ziren baldintzak betetzerik (gela eta jolaslekuen neurriak, adib.) eta Algortako San Nikolas ikastolaren filiala izatea erabaki zuten. Hori horrela, txaletean OHOko laugarren mailara artekoa egiten zen, eta Algortara joaten ziren 5. mailatik aurrera.Baina arazoa ez zen espazioa bakarrik; aitzitik, dirua arazoa ere bazen. Kuotak errazteko zenbait bide erabiltzen zituzten: uda osoan garagardotegi bat zabaldu ikastolan bertan; bazkide laguntzaileak egin; Erromoko jaietan taberna bat zabaldu; e.a. 1978an txiki geratu zitzaien txaleta eta Areetako Kultur Etxeko geletara joan ziren hiru ikasle-talde. Ikasketak euskaraz eginda, gaztelaniaz lortzen zen kalitatea ere lortzea bazegoela frogatu behar zen. Gero eta baliabide gehiago zegoen euskaraz.
 
1978 - Edifizio borda
Aurrera egiteko eraikin berri baten premia zegoen. Hori egiteko, lurrak erosi zituzten Leioako Artaza auzoan. 1980an bukatua zegoen eraikina eta OHO osoa ematen zen bertan, Algortarekiko menpekotasuna hautsiz. 500 ikasle baino gehiago izatera iritsi zen. Euskal irakaskuntzaren kalitatea erroturik eta frogaturik zegoen ordurako. Eskola publiko eta pribatuetan ere argi ikusi zuten. Ikastolen hezkuntza-hazia zabalduz zihoan. Gero eta material hobea eta ugariagoa zegoen euskaraz.
 
1993 - Gatazka
Ikastolen mugimenduak eta bere hezkuntza-proiektuak eragin eta prestigio handia dute, eta hori deserosoa da Estatuaren interesentzat, Euskal Herriaren berezko baloreak transmititzen ditu eta. Euskal Eskola Publikoaren legea onartu zuten. Helburua ez zen edukia jorratzea, Ikastolak Eskola Publikoan sartzea eta mugimendua desegitea baizik. Buesak hau esan zuen: “Aurrerantzean ez da ikastolez hitz egingo”. 1993ean, “publifikatu ala ez” prozesua bizi izan zuen Gobelak ere. Nahiz eta kooperatiba-kideen bi herenen onarpena lortu ez (kopuru horixe behar zen kooperatibaren arauen arabera), publifikazioaren aldekoak, Hezkuntza Sailaren laguntzaz, bi helburu lortzen saiatu ziren:
  • Gobela Ikastola publifikatu.
  • Ikastolen mugimendua desprestigiatu eta ahuldu.
Joko honetaz jabeturik, kooperatiba-kide talde batek Ikastola aurrera ateratzea erabaki zuen, hots, ez saltzea ezerezaren truke. Hala, Leioa-Erromo inguruan Ikastolak bizirik jarrai zezan, bide gogor bati ekin zioten. 1994-95 urteetan gatazka oso gogorra bizi izan zen, bi talde desberdin sortu arte. Zati bat publifikatu egin zen Gobela izenarekin, eta ikastolekiko lotura guztiak eten zituen; alegia, ez bakarrik egoera juridikoa, baita hezkuntza-proiektuari zegokiona ere. Bestalde, Gobela Ikastolari jarraipena ematen zion BETIKO IKASTOLA sortu zen betiko eraikinean. Egoera berriaren ezaugarriak hauek ziren:
  • Kontzertaziorako kopuru minimoen azpitik geratu ziren talde batzuk, eta ikastolen arteko elkartasuna frogatu zen. Hain zuzen ere, gatazka bizi-bizi zegoen garaiko ikasturteak izan ziren kaltetuak, eta gaur egun oraindik ez dugu lortu ikasle-talde horien egoera normalizatzea.
  • Zor historikoaren zatirik handiena (%59 hain zuzen ere) Administrazioak bereganatu zuen, egoera ekonomikoa leunduz.
  • Kooperatiba-kide, langile eta lagunen inplikazio, ilusio eta parte hartze handia.
  • Proiektua inguruan “saldu” beharra, baita konfiantza, izen ona eta matrikula-kopurua berreskuratu beharra ere; izan ere, Gobela/Betiko arteko gatazka gogorrak Ikastolaren proiektuarenganako mesfidantza sortu zuen.
  • Erreforma berrira egokitzeko erronka. DBH ezartzeko ez zen inbertsiorik egin beharrik izan, Ikastolan leku nahikoa baitzegoen; izan ere, 150 ikaslerekin geratu ginen.
  • Haurtzaindegia zabaldu zen, Ikastolaren Hezkuntza Proiektua eta emandako zerbitzuen kalitatea hobetzeko eta zabaltzeko asmoz.
Ibilaldia 1997
Egoera honetan geundelarik, 1997. urtean Ibilaldia antolatzea eskatu zen, bizirauteko. Beharrezkoa zen jendea Ikastolara erakartzea, eta “Betiko” izen berria ezaguna izaten hastea.
Ibilaldian bi helburu nagusi lortu ziren:
Lehenengoa, helburu soziala: Ikastola ingurunera finkarazi zuen, eta erabateko normalizaziora ere hurbilarazi gintuen; horrek matrikula-kopurua berreskuratzeko eta ekonomikoki geure kontura jarraitzeko gaitasuna eman ziezagukeen. Eta horrek zera zekarren, hein berean:
  • Ezagutzera ematea.
  • Ikastolen proiektua berrindartzea.
  • Ikastola finkatzea eta indartzea, apurka matrikula-kopurua berreskuratzen hasiz.
  • Eskualdeko eskakizunari erantzutea neurri batean.
Gainera, Ibilaldiarekin eskualdeko eta Ikastolaren inguruko pertsona, talde eta elkarteengan zatiketa-prozesuan sorturiko zauri sozialak sendatzea lortu zen. Bigarrena, helburu ekonomikoa: Betiko Ikastolaren izenean geratu zen zor historikoa arintzea lortu zen, eta kontzertatu gabeko gelek sortzen zituzten diru-galerak leuntzea ere bai.
 
1998tik - 2004ra
Ibilaldiaren ondoren azken urteetan beheraka zihoan matrikulari buelta ematea lortu genuen eta 1995-1996 urtean jaiotako ikasleetatik aurrera gelako 20 ikasleko hezia gainditzea. Urte hauetan, normalizazioa lortzeko, gure Ikastolak: 
  • Haurtzaindegi proiektua finkatzen du. 
  • Ikasleen %70 Ikastolak antolatzen dituen eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartzea. 
  • Euskara eta Euskal Kulturarekin lotura duten aktibitate guztietan erreferente batetan bihurtu da Leioan. 
Matrikulazio kanpaina indartsuak egiten dira herrian eta WEB orrialde baten bitartez, batez ere Ikastola Proiektua ezagutzera ematean oinarrituta.  Azkenik 2001-02 eta 2002-03 kurtsoetan matrikularen gorakada nabarmena ezagutzen dugu, eta honek gure Ikastola bi lerrotako Ikastolan bihurtzeko aukera handiak, honela gure eskualdean beste Ikastola bat kontsolidatuaz. Gainera 2002-03 kurtsoan, ikastolaren geroa finkatzen duten gai garrantzitsuak bideratzea lortzen dugu; Ikastolaren eraikinaren eta lurren jabeak izatea, haurtzaindegi osoa subentzionatuta, ibiladia 2004aren antolaketa gure esku izatea, 300 ikasle baino gehiago izatera iristen gara, eta frontoiaren proiektua martxan ipini.

Ibilaldia 2004

Ibilaldi honetan zenbait helburu lortu nahi genuen:

  • Ikastolaren izena bultzatu eta zabaltzea.
  • Ikastola-eredua gure herrian ezagutaraztea eta zabaltzea.
  • Baliabide ekonomikoak lortzea gure berritze- eta handitze-egitasmoetarako.
  • Herriko erakunde eta instituzioekin harremanak estutzea.
  • Euskal kulturan eta euskararen sustapenean laguntzea.
Berria egunkariak erabilitako titularrari jarraituz Ibilaldia “gazi-gozoa” izan genuen. Alde batetik, aurreko ekitaldiak (“aurre-ibilaldia”) kopuru aldetik piloa izateaz gain (29), itxura aldetik oso irudi ona eman zuten, goi-mailakoak, eta matrikulazioan bultzada nabarmena eduki genuen, urtean zehar hedabideetan egotearen ondorioz. Bestetik, gure ikastolaren zuzendari ohi eta irakasle Kepa Butronen heriotzak gazitu egin zuen eguna. Eguna, egoera horretan, ez zen ondo joan. Nahiz eta Ibilaldirik jendetsuena izan, 130.000 lagun, emaitza ekonomikoak ez ziren onak izan. Ekonomikoki, ibilaldi egunaren aurretik egindako lana libratu zuen behinik behin.
 
Berritze eta handitze planak
Kalitatezko hezkuntza eskaintzea da Betiko Ikastolaren helburu nagusienetakoa, eta horretarako ezinbestekoa da azpiegiturak egokiak izatea. Bada, azken urteetan, kirol azpiegiturak eraberritu genituen. Hala, frontoi-polikiroldegi estalia eraiki genuen 2003ko azaroan, gure aspaldiko ametsa eta beharra baitzen. Geroxeago, 2006ko azaroan, bigarren lerrora egokitzeko solairu berria. Gainera, tarte horretan Haur Eskolako eta bigarren eraikineko gela guztiak egokitu eta bereizi genituen. Frontoi-polikiroldegiak, Pilota eta Kirola gure ikastolan indartzeaz gain, estalitako gune bat izatea ekarri zuen, bai Heziketa Fisikoa egiteko, bai eskolaz kanpoko ekintzak betetzeko, bai eta bereziki eguraldi txarra denean umeak bertan jolastu ahal izateko ere. Zabalkunde ekitaldi ofiziala 2003ko azaroaren 19an burutu genuen. Gurekin batera, beren elkartasuna adieraziz, Euskal Herriko kultur, kirol, politika eta instituzio mailako hainbat pertsonalitate ere izan ziren, Anjeles Iztueta Hezkuntza Sailburuak barne. Gelak eta solairu berria derrigorrezkoak bihurtu ziren 2005tik aurrera, Haur Hezkuntzan izaten ari ginen matrikulazio-handitze nabarmenari aurre egiteko. Handitze horrek Hezkuntzako Lehen Zikloan hirugarren lerroa ezartzera behartu gintuen, eta 3, 4 eta 5 urtekoen geletan kontzertatutako bigarren lerroa izatera ere eraman gaitu.