Ikastolako ber-inaugurazio jaia

Azaroaren 11an gure Ikastolaren eraikin berriak inauguratu ditugu. Zehazki DBHko eraikin berria, Haur hezkuntzako eraikina berrituta, idazkaritza berria, jantokia handituta eta irisgarritasuna bermatze aldera Igogailu berria eta larrialdietarako eskilara Haur Hezkuntzan, oro har  ikastola osoaren ber-inaugurazio bat  izan da.

Handitzen eta handitzen goaz, lerro bakarretik bi lerro izatera pasa gara urte gutxitan. Eraikina zahar gelditua zen, ikasleak ez ziren sartzen eta ikastola handitu eta berritzeko erabakia hartu genuen.

Hala ere, urte gutxiren buruan eraikinak berriro ere txiki geratu ziren, ikasleak ez zitzaizkigun kabitzen eta erabakiak hartu behar izan genituen. Ikastola handitu eta berritu beharra zegoen. Eta egin dugu.

Ikastolak Euskal Curriculuma, konpetentzietan oinarritutako hezkuntza proiektua garatzen du, konfiantzaren pedagogia izeneko eredu pedagogikoa ezarri dugu eta eraikin berriak eredu horren beharrei erantzutera datoz: espazio irekiak eta argitasuna dira nagusi.

Inaugurazio ekitaldian, Koldo Tellitu Betiko eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Iban Rodriguez Leioako alkateordeak, eta Ana Isabel Ferri Bizkaiko  Hezkuntza lurralde ordezkariak parte hartu zuten.

Arrate Illaro ikasle ohiak eman zion ekitaldiari hasiera, bertso hunkigarri batzuk botaz eta ondoren ordezkari instituzionalek hitza hartu zuten. 

Tellituk eraikin berria lortzeko gogor lan egin dugula gogoratu zuen. “zenbat aldiz amestu dugun gaurko egunarekin, eraikin duin bat behar genuen, merezi genuen, bidea luzea izan da, orain askoz baldintza hobeetan aritzeko. Gurasoak pozik daude, haurrak ere kontent; baita irakasleak ere hasierako urduritasunak gaindituta. Hemen, lorpen handia dugu zuekin partekatzeko”

Ikastolak espazioak eraldatu ditu, eredu pedagogiko eraldatzailearen zerbitzura jartzeko, “Eraikin hauek XXI. mendeko hezkuntzaren beharrei erantzuteko prestatu dugu. Espazio modernoak, irekiak, lasaiak, ikasleen arteko harremana bermatzeko”. Ekitaldian, ikastola errealitate bat izateko atzo eta gaur lan egin duten familia eta langile guztiei eskerrak eman zaizkie.

Iban Rodriguez alkateordeak Betiko ikastolak hezkuntza formalean fin dabiela esan eta gero, “esparru informalean ere eragin handiko agentea bihurtu dela” eta “herri euskaldunago bat egiten laguntzen gaituen lekua be badela Betiko ikastola” azpimarratu zuen.

Bizkaiko hezkuntza lurralde ordezkaria den Ana Isabel Ferri andereak berriz Betikon euskara eta euskal kulturaren alde egiten den lana azpimarratu zituen.

Inaugurazio ekitaldia umeen dantzaldi batekin bukatu zen, zortziko dotorea dantza egin zuten eta ondoren ikastolako eraikinetatik zehar bisita gidatua egin da.