Irakurzaletasuna, laguntasuna eta sormena bat eginik

Bosgarren urtez, Juul kanpainaren barruan antolatutako ekintza egonkortu dugu Leioako Betiko ikastolan. Ikasle, irakasle eta gonbidatuei  esker une magikoak bizi izan ditugu beste behin ere.  Gaua pasabideetan igaro dugu, esterilak lurrean, lo-zakutan sartuta, linternak pizturik gogoko liburuak irakurri ditugu. Hori gutxi ez balitz, afaldu aurretik tailer desberdinez gozatzeko aukera izan dugu; Poesiak belarrira goxo-goxo xuxurlatu dituzten ahotsak, hitzekin jolasean aritu diren rapero gazteak, txikienei pasarte miresgarriak kontatu dizkieten ikasle nagusiak, musikaren laguntzaz girotutako esaldi irudimentsuak …  

Euskaraz Bizi eta Hizproko taldetik antolatuta, eta ingurukoen laguntzaz, irakurzaletasuna bultzatzea dugu helburu.

Duela gutxi liburutegi erraldoia antolatu genuen  ikastolako pasabideetan. Ikasle bakoitzak liburu bana ekarriz, denon arteko, liburu erakusketa antolatu genuen. Laster, ikasleek libururik gogokoenak bozkatu beharko dituzte Juul hauteskundeetan.

325 ikasle eta 25 irakasle elkartuta, inguruan ikastola baten egiten den ekimenik berezienetakoa ezin hobeto burutzea lortu dugu beste behin ere. Gora BETIKO IKASTOLA!

 

ARGAZKI GUZTIAK: https://flic.kr/s/aHsmaM9jbb